XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Homo...

Egun, Mendebaldeko gizarteak duen arazo larrienetariko bat sortzen dituen zabor desberdinena da.

Zer egin zabor guzti hauekin?

Gainera, batzuk oso arriskutsu eta kaltegarriak dira.

Irtenbide egokiak bilatzen zaila da eta, maiz, hartzen diren bideak, geroak erakusten duenez, okerrak izaten dira.

Benetan gizarte zaborgilea osatzen dugu munduko alde honetakook.

Esate baterako, Euskal Herriko Elkarte Autonomoko biztanle bakoitzak, egunero, kilo bat zabor solido produzitzen du bere etxean.

Denak batuta 600.000 tonelada edo zertxobait gehiago urtero.

Hauek, gainera, hiriko hondakin solidoek osatzen dutena da, bakar-bakarrik (%7,4).

Egoera hau nahiko berria da.

Azken finean gizarte kontsumistari dagokion berezko ezaugarria dela esan daiteke.

Baina historian gauzak horrela izan dira beti?

Arkeologoak harrituta geratzen dira ikusterakoan zein mehe izaten diren milaka urtetan zehar gizakiak okupatutako kobazuloetan osatu diren estratu edo geruzak.

Euskal Herriko onena eta Europako onenetarikoa bezala kontsideratzen den Isturitzeko kobazuloak argituko digu esandakoa.

Isturitzeko S. Martir kobazuloak milaka urtetan zehar (80.000 urte, gutxi gora-behera) pilaturiko historiaurreko giza presentziaren aztarnak gordetzen ditu.

Ba, urte guzti horietan pilatutako hondakinek 2 metro eta zertxobait gehiagoko lodiera osatzen dute, bakarrik.

Seguruenik ez zuten arazo larriegirik izan bere zaborrekin.

Aipaturiko kobazuloan bizi izan ziren garai haietako gizakiak Homo Sapiens (jakintsua) Neanderthalensis eta Homo Sapiens Sapien bezala bataiatuak izan dira.

Prehistoriako beste gizaki zaharragoen aztarnek ere izen bereziak hartu dituzte Homo Erectus (zutik ibiltzen zelako), Homo Habilis (trebea), e.a.

Hemendik 3 mila edo 10 mila urtera, bizirik irauten baldin badu giza espezieak, zein izen jarriko ote diote gure zibilizazio zaborgilearen homoari bere aztarna super ugariak ikertzen dituzten arkeologoek? Homo... Jar ezazu ongien deritzozun adjetiboa.

Xabier Larrañaga